Donostia al da komikiaren euskal hiriburua?

Horixe da Komikilabeak frogatu nahi duena: Donostia komikiaren euskal hiriburua dela, alegia, eta horretarako azaroaren 9an (arratsaldeko 19:00etan hasita) ibilbide bat antolatu du hirian zehar. Donostian lehenik prentsan eta handik gutxira aldizkarietan sortu zen euskal komikia. Bulego, tailer, etxe zein lokal haiek ezagutuko ditugu Donostian barrena murgilduko den ibilbide honetan, Komikigunean (hiriko komiki-zaletasunaren ikur) hasita eta bertan ere amaiturik.

Hauexek dira ibilbideak gurutzatuko dituen kaleak:

Komikilabea - Pan-Pin Komikilabea - Habeko mik Komikilabea -Txistu

1. Okendo kalea 22 / Pan-Pin (1960)
“Pan-Pin” hilabetekaria Zeruko Argiaren eranskina bezala sortu zen 1960 urteko otsailean. Eragile nagusia Joseph Camino arnegiarra izan zen. Bonifacio de Beizama, Argiako zuzendaria, eta Joseph izan ziren “Pan-Pin” proiektuaren lehen eragile eta zuzendariak. Gipuzkera eta napar-lapurterazko edizio bana argitaratzen ziren Pirineoen alde bietara zabaltzeko, baita bizkaieraz idatzitako orri bat gehigarri bezala ere. “Pan-Pin” Hondarrabin inprimatu zen lehenengoz “Los hijos de Alvarez lraola” etxean, urte gutxira Donostiako”Valverde” inprimategira pasa zen arte. 2000-3000 arteko tirada izan zuen batez beste.

2. Erregina Erregeordea kalea 2, 1. / Habeko Mik (1982)
HABE, Eusko Jaurlaritzak euskalduntze eta alfabetatzerako sortutako institutuak jarri zuen abian aldizkaria 1982an. Euskara ikasten ari zirenei begira egin nahi izan zen aldizkari/tresna didaktiko moduan, baina bide batez euskal komikia indartzea ere hartu zuen helburutzat. Erakunde ofizial baten menpe egoteak aldizkariari egonkortasuna bermatu zion. Oso emankorra izan zen “Habeko Mik”ek betetako hamarkada euskal komikigintzarako. Bertan, eskarmentu profesional dezente zuten Euskal Herriko egileek plazaratu zituzten bere lanak, eta autore berrien lehen plaza ere izan zen zenbaitetan. Besteak beste, Astrain, Berzosa, Entrialgo, Fructuoso, Garay, Harriet (Gregorio Muro), Hernandez Landazabal, lbarrola, Mata, Mendi, Mina, Oses, Redondo, Resano eta Valverde jardun ziren.

3. Legazpi kalea 5 / Lehen euskal komiki tira (1894)
“El Thun thun” aldizkarian Biktoriano Iraolak (Pasaia, 1841–Donostia, 1919) bizileku eta lantoki zuen etxe honetan sortu zen 1894ko abuztuaren 5ean lehen euskarazko komiki tira Afariya izeneko (ikus goiko irudia). Donostiako Udaletxean lan egin zuen zinegotzi gisa, inprimategia zuen bere etxean bertan, eta zenbait literatur lan ere burutu zituen. Batez ere poemak, bitxikeriak, antzerki lan laburrak idatzi zituen. Biktorianok berak sortu zuen “El Thun thun: semanario Koshkero” aldizkaria. Aldizkari honetan kazetari, argitaratzaile eta irudigile lanak egin zituen.

4. Garibai kalea 28 / Argia (1921-1936) – Txistu (1927)

1921eko apirilaren 24an “Argia”ren lehenengo zenbakia atera zuten Donostian, eta 1936ko uztailean lehendabiziko garaiaren azkena, 797. zenbakia. John Zabalo, “Txiki”k, “Argia” astekarian bere egutegiak argitaratzen ditu.Euskal pizkundearen garaia da, euskara hizkuntza modernoa eta garaikidea izateko bidean genuen.

“Txistu”, euskarazko lehen komiki aldizkaria sortu zen 1927an, oso bizitza laburra izan zuen. “Argia” aldizkariarekin batera, Anton Alaiza (1876-1926) arabarra izan zen aldizkariaren bultzatzaile nagusietariko bat. 1926an Argian bertan Txistu pertsonaiak iragarri zuen “Txistu” komikiaren sorrera, baina dirua lortzeko zailtasunak zirela eta azkenean 1927an argitaratu zen. Helburua euskalzaletasuna bultzatzea izan zuen umeentzako sortu zen lehen euskal komiki aldizkariak.

Komikilabea - Poxpolin Komikilabea - Ipurbeltz Komikilabea - Xabiroir

5. Hondarribia kalea 23, 1. / Poxpolin (1935)
Tolosan sortu zuen Ixaka Lopez Mendizabalek 1935. urtean baina bere egoitza Donostiara aldatu zen. Euskaltzale eta kultur eragile ere izan zen Ixaka, eta gazteleraz argitaratzen zen TBO aldizkariaren arrakastan erreparatuz (220.000 aleko tirada izatera heldu zen 1935 urtean), eredua euskal merkatura egokitu nahi izan zuen. TBO komikia kaleratzen zuen argitaletxera jo eta beharrezko baimenak lortu zituen komiki-aldizkariko marrazkien plantxak erabiltzeko; testuak euskaratu eta bertako kutsua ematearren, “Txiki” marrazkilariak egindako orri berriekin aberastuta, bi urtez argitaratu zen aldizkaria gerrak betirako itxi zuen arte.

6. Errege-erregina Katolikoen kalea 16 / Komikigunea (2014)
Mendearen hasierarekin batera heldu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak komikiaren altxorrak eskuratzen hasteko lanari. Lehenik Luis Gasca (1933-) komiki argitaratzaile eta kolekzionistaren funtsa erosi zuen Aldundiak. Gerora euskal marrazkilarien funtsak, fanzineak, egungo komiki nobedadeak e.a. eskuratzeko lanetan dihardu. 2009. urtetik aurrera katalogazio eta kontserbazio lanak burutzen dira bertan. 2014an eman zitzaion irekiera ofiziala eta izaera berria Komikiguneari. Bertan daude hainbat komikigileen marrazkiak, originalak, tirak, komiki aldizkariak, komikiak eta komikiari buruzko materiala eta dokumentazioa.

7. Tolosa ibilbidea 10 / Ipurbeltz (1978)
Euskal Herriko komiki aldizkari beteranoena izan zena, hogeita hamahiru urtez hilabetero Erein argitaletxearen eskutik plazaratu zen, zehazki 1977. urtetik 2008 urtera arte. “Euskarazko komiki bat sortzeko ideia ikastolen mundutik etorri zen, ikastolak euskaraz irakurtzeko gogoa bultzatuko zuen zerbaiten bila baitzebiltzan” zioen Jose Lizundiak, I976-1999 bitartean Erein Argitaletxeko zuzendaria izan zenak. Ume eta gaztetxoei zuzendutako aldizkariak etapa desberdinak igaro zituen. Julen Lizundia, Anjel Lertxundi, Antton Olariaga eta Jon Zabaleta ibili ziren hasiera batean aldizkariari itxura ematen.

8. Errotazar bidea 12 / Xabiroi (2005)
2005ean argitaratu zuen Euskal Herriko lkastolen Konfederazioak “Xabiroi” komiki-aldizkariaren lehen zenbakia eta hiruhilabetekari bezala mantendu da ordutik hona. Gaur euskaraz argitaratzen den komiki-aldizkari bakarra da. Bere esparru nagusia irakurle gazteena da, batez ere 12 urtetik 18ra bitartekoena. Jaio zenetik Dani Fanok zuzentzen du aldizkaria eta bere orrialdeetan Asisko Urmeneta, lñaki G. Holgado, Julen Rivas, Zaldi Eroa, Lope, Guillermo Gonzalez, Sanvi edo Adur Larrea bezalako ilustratzaile handiak argitaratu dute. Baita lban Zaldua, Harkaitz Cano, Joxean Muñoz, Arantza lturbe, Pako Aristi, Eider Rodriguez edo Unai Iturriaga gidoilariak ere. Aldizkariaz gain, urtero aldizkariko serie baten albuma argitaratzen dute.

*7. eta 8. puntuak Komikigunean laburtuko dira. Ibilbidearen eskuorria hemen.


Parte hartuko dute: Mikel Begoña (aurkezlea), Unai Gaztelumendi (bertsolaria) eta Ainara Azpiazu “Axpi” eta y Joseba Larratxe “Josevisky (marrazkilariak).

Koordinatzailea: Ereiten.