Roger Mainwood-ek “Ethel & Ernest” filma aurkeztuko du Komikilabean

Komikilabea - Roger MainwoodTabakalerako ikus-entzunezko taldeko kideek ere Komikilabea komikiaren festarekin bat egin nahi izan dute eta horretarako bi titulu proposatu dituzte: alde batetik, lehengo urteko animazio lanen artean garrantzitsuenetarikoa izan zena: Ethel & Ernest (2016), Roger Mainwood animazio maisuarena. Londreseko Zinema Jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zen, eta Raymond Briggs-ek sortutako eleberri grafikoan dago oinarrituta. Komikigintza ingelesean funtsezkoa den egilea da Briggs.

Saioa osatzeko, Mainwood-en lehen lana ere ekarriko dute, Autobahn izenekoa (1979), Kraftwerk talde alemanarentzako egindako lana, bere adiskidea John Halasekin batera sortutakoa; bideoklipen historian giltzarria den lana, ezbairik gabe belaunaldi oso bat markatu zuena.

Proiekzioa Tabakalerako Zinema -1 Aretoan izango da azaroaren 11an arratsaldeko 19:00etan. Emanaldia amaitu ondoren, solasaldi ireki bat egingo da Roger Mainwood-ekin nahi duenak parte hartzeko.


Autobahn + Ethel & Ernest

Jatorrizko bertsioa gaztelaniazko azpitituluekin.

Proiekzioen iraupena: 97 min.

Prezioa: 3,5€